«Niretzat interesgarria zen proiektu osoa euskaraz egitea»

Iraide Goitia. Nare Zentroa

Fisioterapeuta izan nahi zuela argi zeukan, baina kanpoan ikasi behar izan zuen. Euskal Herrian oraindik ez zegoen espezialitate hau ezarrita.

 

Iraide Goitiak fisioterapeuta izan nahi zuen gaztetik. «Hamahiru urterekin», dio. Orduan, espezialitate hau ezezaguna zen eta, unibertsitatera heldu zenean, ikasketak Euskal Herritik kanpo jarraitu behar izan zituen. Horregatik, Vic-era joan zen, Bartzelonatik gertu, eta ohitura eta hizkuntza berri bati aurre egin zien. Hala ere, horrek ez zen oztopo bat izan bere ametsa egi bihurtzeko. «Zailena katalana ikastea izan zen, baina klaseetara joan nintzen», azaldu du. Gainerakoa, fisioterapeuta izateko ikasketen parte zen. Denbora asko ematen zuen horretan, eta oraindik liluratuta dago.

Basaurira itzultzeko erabakia 2010eko irailean heldu zen, Vic-en lan egiten urte bat igaro ostean, lanik gabe geratu zenean. «Euskal Herrian bazeuden lan eskaintzak Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialean. Beraz, etxera itzultzea erabaki nuen eta hemen geratu nintzen», dio irribarre egiten.

Zenbait urtetan zehar, Iraideren jarduera profesionalak eginkizun desberdinen mukurua izan da. Hona bueltatzean, Abadianon aurkitu zuen lana, eta bertan 2018. urtera arte egon zen.

Durangaldean «zuzendaria eta laguna den pertsona bat» utzi du. Gainera, hara joaten denean, maitasunarekin hartzen dute. Hor ere, profesional batek behar duen esperientzia eskuratu zuen, eta bere formakuntzarekin jarraitzea erabaki zuen. «Osteopatiarekin emaitza onak lortzen zirela ikusi nuen, eta nire lanean segurtasun handiagoa lortzeko, lau urtez ikasi nuen Europako zenbait herrialdetan homologatuta dagoen titulu batekin egiteko». Formakuntza hau 2017an amaitu zuen, beste kurtso batzuekin konbinatuta. «Nire lanbidean etengabe berritu beharra dago», adierazi du.

 

«Zerbait antolatu»

Iraidek ez zuen lana aurkitzeko arazorik izan, baina etxekoek zer edo zer antolatzera animatzen zuten. Hark ikusita zeukan lonja bat Basauriko Goikosola kalean. Buruan ideia bat ere bazeukan. «Autonomoa nintzen. Beraz, nire aholkulariarekin hitz egin nuen eta hark Behargintzara joatea proposatu zidan», dio. 2015 urtea zen. «Zaila da gure kabuz zerbait antolatzea, ikasketa gutxi ditugulako marketing eta ekonomiaren arloetan ideia hauek martxan jarri ahal izateko». Egia esan, Iraidek konfidantza handiagoa dauka bere bezeroen erreferentzia onetan, pozik bere kontsultan ematen dituen tratamenduekin, marketing-eko estrategietan baino.

Beste zailtasun batzuk ekiditu zituen; adibidez, izenarena. «Erraza dirudien arren, kostatu zitzaidan. Etxean lau pertsona egon ginen asteburu osoan zehar gaiari bueltak ematen. Azkenean, ‘Nare’ hautatu nuen. Sinplea, polita, euskarazkoa eta niretzako esanahia daukana», zehaztu du.

Iraiderentzat, gauzarik zailena zenbakiak dira oraindik. «Behargintzan, estudio zehatz bat egin genuen. Proiektua bankuari aurkezteko zen, finantziazioa lortzeko. Izugarri lagundu ninduten, nola egiteko irizpideak ematen zizkidatelako, baina etxean egin behar nuen lana. Gaur egun ere, asko kostatzen zait hau egitea. Gastuei arreta jarri behar zaie, nire lanak kontsulta eta bizitza soziala mantentzen dituelako». Hala ere, Behargintzan Itziren eskutik ikasi zuenari esker, bere kontuak bat datoz.

 

«Dena euskaraz»

«Gainera, dena euskaraz egitea posible izan zen. Niretzat oso garrantzitsua zen hori», azaldu du. Behargintzan saio batzuk bere aitarekin partekatu zituen, eta etxean beti euskaraz hitz egiten zuten. «Arraro izango litzateke hemen gauza bera ez egitea», dio. Basauriko bulegoan erraztasun ugari izan zituen.

Behin kontsulta martxan jarrita, Iraidek egunaren orduak bitan banatu behar izaten zituen konpromisu guztietara heltzeko. Hiru urtetan zehar, Abadianon eta bere kontsultan lan egin behar izan zuen. Basauriko San Miguel klub erregionalaren masajista gisa ere egiten zuen lan. Hogei jokalari baino gehiagoz osatuta dagoen talde batez arduratzen lau denboraldi eman ditu. Denbora horretan zehar, lan erritmoa oso altua izan da. «Pausoa aurrera ematea eta soilik Nare-rekin eta futbol taldearekin geratzea erabaki nuen. Medikuarenera joateko denborarik ere ez neukan. Zorte handia izan dut. Izan ere, Behargintzak asko lagundu nau eta Abadianoko lagunak mantendu ditut», baietsi du.