«Ogi onaren sekretua»

Celi de Miguel eta José Luis Rey

Etxerre okindegian kalitatezko ogia egiten jarraitzen dute, osasungarria eta bertokoa; laster iritsiko dira 30. urteurrenera.

 

Celi de Miguel eta José Luis Rey talde bat dira. Hain ohitura handia dute elkarren ondoan lan egiteko, hitzak ere ia soberan dituztela elkar ulertzeko. «Nire eskuineko eskua da», adierazi du Basauriko Etxerre okindegiaren jabeak. Eta andreak baietz. Bizitza profesional luzea egin dute elkarrekin, ogi zapore atseginekoa, hain zuzen ere, hori delako enpresan diharduten beste zazpi pertsonekin batera egiten duten ogi ederraren onuretako bat. Okindegi honi irin usaina dario, gaueko lanarena, eta lurrin horrek haurtzarora garamatza, klase osteko otarteko haien zaporera.

Izan ere, baliteke ogia egitea munduko gauzarik errazena izatea, bai; baina ondo egitea, artisauen modura, txeraz, kontuz eta artaz egitea, ez da samurra, ez. «Maitasun handia» behar da, José Luisek aitortu duenez. Horixe da berak erabiltzen duena okindegiaren lema hartzen duenean, hau da, ore artean hogeita hamar urte eman dituztenek soilik dakiten moduan oratzen hasten denean. Eta ezagutza hori guztia da, hain zuzen ere, fresko ehotutako irinari eta ore amari gehitzen dizkien osagaietako bat, igandeko ordu txikietan lanera heldu eta gero.

-Eta ore ama zer den badakizu?
Zaila da erantzutea. Gaur egun, gutxi falta zaio ore amari figura erretoriko bihurtzeko, baina, berez, irinaz eta uraz eratutako lehenengo nahaskia izan da beti, okindegi bakoitzak bere lanari zapore berezia emateko baliatzen duen sekretua, ukitu pertsonala. «Bezperan lagatzen dugu biharamunean lanari ekiteko; geure errezeta darama. Bakarra da munduan». Urteetako lanaren emaitza da ore ama, nahiz eta azken aspaldi honetan ogiari lotutako marketinproduktua dirudien, salmentak ugaritzeko nahitaezkoa, antza. Etxerre okindegian, nahaski horixe da gehitzen diotena egunero erabiltzen duten tona erdi irinari, milaka barra ekoizteko. «Horra hor ogiaren sekretua», dio José Luisek.

Berrikuntza

Lan tradizional honetan, gainerakoetan bezalatsu, egunero berrasmatzen dute euren burua Etxerre okindegian. «Merkatuaren eskaria asetu behar dugu, eta ogi mota berriak eskatzen dizkigute, baina ‘txapata’ da gure etxeko produktu izarra». Zaporean ere nabari da José Luisen esku trebea. «Berak egiten duenean, nabaritu egiten da. Urte askoren eskarmentua da», baieztatu du Celik. Bitartean, atsegin handiz hitz egiten du José Luisek bere lanaren emaitzaz. «Badugu orerako ebakigailu bat, baina eskuz ebakitzen dugu, nahiago dugulako betiko legez egitea. Guk, hobeto horrela», azaldu du.

Merkatuaren erritmoak gobernatzen du enpresaren martxa. Urrian, hogeita hamar urte beteko dituzte. Enpresa abian jartzeko, banatzaile lanetan ari ziren hiru bazkide eta José Luis bera elkartu, eta euren kontura hastea erabaki zuten. Harrezkero, hamaika aldaketa egon dira Etxerren. «Orain, aurrez egositako ogia eta izoztua ere egiten dugu», aitortu du José Luisek. «Baina ez ditu bi egun baino gehiago ematen biltegian», zehaztu du Celik, ogiaren freskotasuna zaporearen berme gisa defendatuz, eta bezeroei ematen dieten kalitate bikaina gogora ekarriz.

Eskakizun maila gero eta handiagoa da. «Kontsumoa murriztuz doa eta gero eta arraroagoa da ume bat ‘bokata’ jaten ikustea», adierazi du José Luisek. Labetik atera berri dauden barrak eskaintzen dituzten ‘gune beroak’ ugaritu egin dira, «baina askoz ere kontserbagarri gehiago edukitzen dituzte saldu gabe egongo diren egun luzeetan iraun dezaten», eta barietatea gero eta handiagoa da. «Okinen elkarteak prestakuntza ematen digu, baina ezinezkoa da orain eskatzen den dibertsitate osoa eskaintzea».

Etxerreko ogia produktu jasangarria da. «Eguna amaitutakoan, saltokietan saldu barik geratu dena jasotzen dugu, ganaduari emateko», azaldu dute. Gatz apur batekin nahastutako irina benetako gutizia da abereentzat, eta, horrela, berrerabilpenaren gurpila osatzen da gainera.

Ohituretan, elikaduran eta konpetentzian gertatutako aldaketa sakonez gain, Internetek ere nahikoa eraldaketa eragin du, eta mundu digitalerako bide horretan, ahalegin izugarria egin dute Etxerren, baita lehenengo emaitzak lortu ere. «2011n Behargintzarekin elkarlanean hasi ginen lehenengo proiektu bat martxan jartzeko, gure ogiaren kalitateari daukan balioa aitortzea nahi dugulako, artisau-lan osasungarria delako, ore freskoz egina, egunero prestatua bezeroengandik oso hurbil». Lehenengo ekimen hartatik kartel batzuk sortu ziren. «Ufa! Zelako komediak kartelak egiteko!», esan du Celik, ordukoak gogoan. Komediak gorabehera, hor daude emaitzak. «Ohiko saltokietan banatu genituen ogiarekin batera, eta jendeak oso gogoko izan zituen».

Euren produktuei daukaten balioa aitortzeko bide horretan, erabiltzen dituzten osagaien berri ere ematen dute. Osagai guztiak barietate bakoitzaren osaera zehatza adierazten duen zerrenda luze batean jaso dira. «Garrantzitsua iruditzen zaigu jendeak gure ogiaren osagai guztiak ezagutzea», erantsi dute.

Behargintzarekin baterako lan horrek jarraipena izan zuen «2019an, Interneten genuen presentzia indartzeko Google-ren tresnak erabiltzen ikasi genuenean». Mundu digitaleko proiektuaren lehenengo urratsetan, enpresa espezializatu baten aholkularitza izan zuten. «Orain, bisita nahikotxo izaten ditugu kanal horren bidez, baita eskaera batzuk ere», azaldu du Celik.